XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. Mugatzailea edo mugakizuna (edo biak) berez hitz-andana ihartu direnean, berrelkarketaz ezin hitz egin badaiteke ere, hiru hitz edo gehiago suertatzen dira elkarren ondoan.

Multzo zabala, adibide ziur-ziurretatik lauso-ilunetarainokoa, osatzen du sail honek.

Zenbat eta hitz-andanaren ihartze-maila handiagoa izan, hainbat eta erraz, naturalagoa izango da elkarte-modu hori.

Horrela

a) Mugatzailea edo mugakizuna erabat iharturiko hitz-andana denean: galeper-zakurra, akelarre-eguna, baserri-bidea, burruka-oilarra, zorion-agurra, udaberri-gaitza, txakurtxiki-bilketa, eguraldi-aldaketa.

b) Osagai bietako bat ihartu samarriko hitz-andana denean: urbedeinkatu-ontzia, trenbide-konponketa.

c) Ihartze-kontua hasi baizik egin ez zaien hitz-andanazkoak.

Hauek dira, askogatik, onesten edo gaitzesten okerrenak.

Goian esandakoa gogoratu nahi da, halere.

Forma normala, markatugabea, hitz biko elkartea da.

Hirukote eta laukoteak testuinguru jakin-mugatuetan bakarrik dira onartzekoak.

Beraz, ahal den guztian, bi hitzetik gorako elkarteak egin ordez hobe da sintagma-erabide askatuagoetara jotzea.

Horrela, lanbide-heziketa-ikastetxea ordez hobe lanbide-heziketako ikastetxea, meategi-ikerketa-zerbitzua ordez hobe meategi-ikerketen zerbitzua, muga-zerga-taula ordez hobe muga-zerg(ar)en taula.

Are sintagma askatuagoetara ere jo daiteke noski, hartarako modurik eta egokierarik ikusten denean: meategia(k) ikertzeko zerbitzua.

Gertatuko da behin baino gehiagotan, halere, hiru hitzeko elkarketa gogor samarrik egin beharra.

Mezu-igorlea saia bedi, halakoetan, irakurleari informazio osatuena ematen: berrelkarketa horren muin-muineko bikotea zein den garbi adierazteko, bereziki, hobe izango da bikote hori marraz lotzea eta bestea bereiz ematea: kale-garbiketa zerbitzua, gizarte-segurantza saila, foru informatika-elkartea, (Kaliforniako) adimen-heldutasun testa.

II. ATALEZ ATALEKO AZALPENA

Irizpide nagusi horien eragina mugatua da noski.

Batezbesteko argibide horiek nekez argituko dute hitz-elkarketaren hainbat zoko-moko.

Hitz elkartu horien osaera-idazkerak zehatzago adierazi asmoz, atalez ataleko azalpena eskaintzen da ondoren.

Hitz-andana ihartuen trataera zertxobait alboratuz gaur eguneko hitz-elkarte bizi, emankorretan zentratzen da batez ere azalpen hau.

Hamazazpi ataletan banatu dira, horretarako, hitz elkartuak.